dijous, 27 de maig del 2010

NAFAR MAKILA

Nafar makila
Beñi Agirre
Tags: Beñi Agirre



Makila aspaldidanik da euskal-nafarren lagun, ohiko bastoia izan da guretzat. Bi funtzio nagusi bete ohi ditu: batetik, ibiltarien laguna da; eta bestetik, laguntzailea da, arma gisa erabilia izan baita eskutokiaren azpian ezkutaturik ei zuen eztena baliatzen zutenean. Egun, ordea, euskaldunon sinbolo garrantzitsuenetako bat bihurtu da.

Honela idatzi zuen Aymeric Picaud erromes petral hark XII. mendean: "Euskaldun bat edo nafar bat edonora doala ere lepotik adar bat zintzilikatzen du ehiztarien moduan, eta azkona deituriko bi edo hiru txabalina eraman ohi ditu". Gure arbasoek makila, adarrak eta harriak erabili ohi zituzten arrisku egoeretan defenditzeko, ehizatzeko, bidea argitzeko edo zuhaitzetako fruituak astintzeko. Defentsarako lehenengo arma izan zen makila. Gero harria eta makila batuz sortu ziren aizkora eta azkona. Metal Aroan, berriz, makila egurrezkoa izan beharrean altzairuzkoa bihurtu zenean, ezpata sortu zen.

Makila bera internazionala izan liteke. Baina nafar Makilak badu bereizgarritasunik. Gure kulturan hainbat joko, kanta eta erritoen protagonista da. Lagun eta laguntzaren sinboloa da. Alkateek eta beste agintariek ere makila jasotzen dute dagokien agintearen, ordezkaritzaren eta eginkizunen seinale. Gurera hurbiltzen diren hainbat pertsonei ohore egiteko ere erabiltzen da makila, opari gisa.

Nafarroako artxiboetan makilarekin eginiko erasoengatik kereila ugari dago jasota. Noainen, adibidez, 1653an, noaindar batek bikarioaren kontra jarri zuen kereila, beste batekin borrokan ari zela, bikarioak bakea jarri beharrean makilarekin astindu zuelako. Bikarioak, ordea, bakea jartzera joan zela zioen; herritarrak bera iraindu egin zuenez, makilaz astindu zuela esan zuen.

Nafarroako Foru Zaharrak arau bezala honako hau biltzen omen zuen garai batean, 1686an inprimatua izan aurretik: nekazarien arteko eztabaida batean, Justiziak ezin bazuen jakin zeinek zuen arrazoia, "Bastoi bataila" jokarazten zuen. Liskarrean parte hartzen zuten biek jartzen zituzten Artaxonako zelaietan batailan. Bietako bat hiltzen bazen, bizirik gelditzen zenak hilketaren errudun gisa dirua ordaindu behar izaten zuen eta kito.

Irunen, 1632ko San Pedro egunean presbitero bat neskekin dantzara joan omen zen. Bati eskua hartzera ausartu omen zen eta horrek irundar baten haserrea sorrarazi zuen. Ondorioz hil ala biziko erronka egin zion bertako enparantzan, makilaz eta dagaz armatuta.

Makila, hainbat kanta, dantza eta jolasen protagonista ere bada. Orain dela gutxi arte, haur eta gazteak 25 eta 30 zentimetro arteko bi puntako ziri batekin jolasten ziren. Muturretako bat lurrean sartu eta bestea airean, 30 eta 45 gradu arteko angelu bat sortuz. Makila luzeago batekin jotzen zitzaion ziriari hau goraka irten zedin, eta behin airean zegoela beste behin jotzen zitzaion ahalik eta urrutien iristeko. Jolas honen antzekoak dira Durangon jokatzen zen "Txirikila" eta Aramaioko "Txikola".

Durruma Donemiliagako emakumeek makilarekin jolas berezi bat egin ohi zuten. "El Cambocho" izeneko jokoan bi taldek hartzen zuten parte. Talde batek makila luze batekin beste motzago bat jo behar zuen bi aldiz, ahalik eta urrunen botaz. Beste taldeak bitartean, gonaz edo mantalaz baliatuz, hartu egin behar zuen makila, berriro aurkako taldeari bota aurretik. Urrutien botatzen zuenak eta makila airean harrapatzen zuenak jolasetik kanpo gelditzen zen. Jokoan azken partaide gelditzen zen taldekoa zen galtzailea.

Joko eta jolasetan ez ezik, herri honen kultur adierazpen anitzetan protagonista da makila: lurralde osoan zabaldurik dauden “makil-dantza” eta “paloteau” dantzetan, pastoraletan eta Ageda eskeetan, adibidez. Abestien munduan, berriz, Aita Donostiak Amaiurren bildutako honako hau daukagu:

"Herio hor heldu da
gizonaren hiltzera:
herioak gizona,
gizonak katua,
katuak sagua,
saguak soka,
sokak idia,
idiak ura,
urak sua,
suak makila,
makilak, zakurra,
zakurrak otsoa,
otsoak akerra,
akerrak ken, ken, ken,
akerra gure artean zen"